FLORENTINO GOIBURU BERTSOPAPER LEHIAKETAKO BERTSO SARIDUNAK
Joan zen Igandean, otsailaren 4ean, egin zen FLORENTINO GOIBURU BERTSOPAPER LEHIAKETAKO sari banaketa.
Bertan hiru sari banatu ziren, helduen kategoriako bi bertso sorta onenak eta herriko bertso sortarik onenarena.
Lanik onenaren saria INFLU-EZER bertso sortak eraman zuen, Iñigo Legorburu Hernaniarrak eginak.
INFLU-EZER. Doinua: Gure lurrean hedatua da
1
Kaixo, ni Mega Johann nauzue
atzo nintzena Joanes
jarraitzen nauten haiekin bete
ditzaket mila San Mames.
Trukatzean bizi-planez,
gaur nabil amets buhamez
frikia zena ikono berri
bihurtu baita, aidanez …
Filtrorik gabe esanez:
“Ez segi loser izanez!”
Zuek niretzat jardun zaitezten
aldatu berri dut lanez. (BIS)
3
Txutxumutxutan hasitakoan
iristen gara Cuore-ra
gure begiak eginda daude
matxismoaren moldera:
“Neskek, kiloak sobera”
“Aiton galaiek, hobera”
haien bizitzek ze arrakasta
igotakoan blogera!
Aniztasun kolorera
apusturik ez morera!
Mikromatxismoz osatu ahala
suntsitu dadin norbera … (BIS)
5
Garai bateko elizetako
pulpitoak zeuden goian
Jesukristoren hitza hartzeko
bazen nahiko arrazoi, han.
Mugikorraren sasoian
herriko kale kantoian
edonor bihur liteke laster
gure otoitzen morroian …
Hain tonu aurrerakoian
sartzen diegun pozoian
gaur burumakur umiltzen dira
telefonoko sermoian. (BIS)
2
Mundura jartzen gaitu begira
gure jardun urduriak
txunditzen gaitu reggetoi txarrak
edo Brasilgo cumbiak.
Dantzari sexy, guriak
erakutsiz ipurdiak
“probintzianismoz ez zaitez jantzi!”
diolako liturgiak …
Nazka Rahm-ek, Ezkurdiak
Xibero ta Lapurdi at
Euskal Herria alferrik dauka
guretzat mapa-mundiak. (BIS)
4
Obsesionatzen gaitu erabat
eskalan gora jotzeak
gogoz onartzen ditugu hortaz
tribuko kode mortseak:
Urre gorrizko brotxeak,
zilarrak edo brontzeak
ai, hainbeste lan dakar berekin
espektatibak sortzeak!
Gama altuko kotxeak
BMW ta Porscheak
askatasuna ematen digu
kapitalari lotzeak. (BIS)
6
Indarra hartzen dihardu gure
influezerron lobby-ak
baina elite deitzen den hortan
badira kategoriak:
Story hot ta goriak,
reggetoizko melodiak
garun txokotan sailkatzen ditu
norberaren memoriak.
Horren ahalegin joriak
baietz eskertu zoriak!
Historiara pasa daitezen
gure gaurko story-ak! (BIS)
Lehiaketako bigarren saria egile berak eraman zuen, Iñigo Legorburuk, ESAN GABE DOA izeneko sortarekin:
ESAN GABE DOA. Doinua: Ke azpitik, su gainetik
1
Gelako isilena zen
neska hura parkean
gaur ez dago bakean
publikoan jarduteko
lantxo bat bapatean
baitu eskuartean …
Atzo izan nintzen haurrak
hor dirau itzalpean
hitzik ez aldartean
mututasuna gorpuzten
hasten den bitartean. (BIS)
2
“Oholtzara igo orduko
baietz jaso epaia!”,
“lotsa, zure etsaia”
halako mezu gogorrek
handitzean ezbaia
ximeltzen zait bisaia.
Atrebentzia ez al da
akatsaren anaia?
Hasterako … amaia!
Gauza bat da esanahia,
bestea esan nahia … (BIS)
3
Ondotxo dakigun arren
ez garela hitz hutsak
hurkoaren hizkuntzak
sarri bilakatzen gaitu
tentelak, harroputzak
ukituz bihotz zuntzak …
“Pertsonak gorputzak gara!”
Dion arren hezkuntzak
ahazten zaizkigu funtsak …
Beraz zergatik mututzen
dira gure gorputzak? (BIS)
4
Bizitzak gu isiltzeko
badituenez planak
jartzen ditu afanak
gure baitan betirako
sarri utziz aztarnak
ta zuzentzen, ze lanak!
Ez al dira bertikalak
munduko harremanak?
Ze pisu, iraganak:
Esanekoak izanda,
ahazteraino esanak! (BIS)
5
Izua eragiten dit
jendaurrean hasteak
hitz hutsekin janzteak
nirea ez den rol batez
lagunei itsasteak
ta buru eskasteak.
Beldurtzen nau plazandreen
kodeak ikasteak
nolako kontrasteak
librean jardunagatik
ez baikara askeak. (BIS)
6
Aurretik asko prestatu
naizenaren bermean
adinik onenean
aurkitzen naizela ongi
dakit nik azkenean
lanaren izenean!
Gurasoen begirada
nabari dut erne han,
ze poza barrenean!
Zeinu hizkuntzan hizketan
ikusten nautenean! (BIS)
Herriko bertso sortarik onena ALOÑA GALARRAGAk egindako ZINTZARRI HOTSEZ izeneko bertso sortarentzat izan zen.
ZINTZARRI HOTSEZ. Doinua: Eguna pasa nekean eta
1
Idiazabalgo Nafarrasasti
erdikon gendun jaioa
mila beatziehun ta hoitamahirun
etorri zan mutikoa
Ixil samarra azaldu ohi zan
ta beidatue fijoa
Goiburu ta oiarbidetarrak
bezelakoxe iaioa
2
Ezpañek estu tolostatzeko
ohitturea zeuken gorra
kopeta zabal antxekoa ta
agerin beti tontorra.
Tartea hartu nahi izaten tzon
kontuk esateko horra,
ditxolarie aparta zan da
etzan batere elkorra.
3
Hitz egiten zun dotore eta
kantuako zan txorie
erantzune zon zorrotza eta
gorde itten tzon egie.
Uztapide ta Zepai zanakin
plazan hartu zon hapie
Iraola ta Igartzabalen
pauso motxeko erbie.
4
Urbi aldean artzai lanetan
eman bide zon maillea
bertso zaharrak ikasi eta
bekasako makillea.
Pastajo pixkat zeukan behorrai
jarriko zion sillea
hargin lanetan e ibilie
jakinmiñe zon pillea.
5
Urbin egin zon gazte garaia
gero fabrikan zan hasi
itxura danez negu partean
mendin eitten zon luzetsi.
Makinan aurren ordupen berriz
uztea nahiago kasi
ahozkotasunetik edanez
bertsotan ein zon ikasi.
6
Kategoriko bertsolarie
txuxen, poliki ta juxtu
axari arten oraindik behintzet
bere parekorik eztu.
Florentinoren ibilbidea
ez dezagun iñork ahaztu
haren bersoak zintzarri hotsez
egin ditzagun abestu!
ZORIONAK BIOI ea ESKERRIK ASKO PARTE HARTZAILE GUZTIOI.
Iruzkinak
Argitaratu iruzkina